lunes, 7 de mayo de 2012

Ibilbide pertsonala hezkuntza sisteman zehar

 
Bakoitzak bere ibilbide pertsonaleko mapa kontzeptual bat egin genuen orain dela aste batzuk didaktikako klasean. Hau egin ostean, Loreak galdera batzuk luzatu zituen bakoitzak pertsonalki erantzuteko:

- Nola bizitu duzu etapa bakoitza?
- Zer zen garrantzitsua ikastea?
- Nolakoa zen ikasle taldea?
- Nolakoak ziren irakasleak? Zein funtzio zuten?
- Nola ebaluatzen zen?


Orokorrean, positiboak izan dira etapa guztiak, oroitzapen onak baititut denetatik; etapa batzuetan beste batzuetan baino oroitzapen on gehiago izan arren.


        Ibilbide guztiek bezala, nireak ere hasiera bat du eta, hori, Haur Hezkuntza izan zen. 2-6 urte bitartean, Beasaingo Etxeubi haur eskolan egon nintzen, Lizeok zuen eraikuntza batean. Etapa honen inguruan, egia esan, ez dut asko gogoratzen, irakasle pare bat baizik. Beraien funtzioa, batez ere, gutaz pendiente egotea eta gu zaintzea zela iruditzen zait; hau da, guri ezer ez pasatzea jolasten ari ginen bitartean. Haur hezkuntzan, jolasteaz gain, ia ez baita ezer gehiagorik egiten. Hala ere, ikaskideei dagokienez gehiago gogoratzen naiz, argazkiak izateaz gain, batzuekin nire ibilbideko etapa asko burutu baititut. Etapa honetan, denak txiki txikiak ginenez, ez genuen arazorik batera jolasteko eta ez ziren taldetxoak eratzen.

 

            Hau amaitu ostean, Alkartasuna Lizeo ikastetxean Lehen Hezkuntza burutzen hasi nintzen 6-12 urte bitartean. Etapa berri batean sartzean, gauza gehiago ikasten hasi eta hainbat ikasgai ematen hasi ginen: matematika, euskara, ingelesa, soinketa, natura eta gaztelera, esaterako. Hauek zirenez ikasi beharreko arloak, hau ikastea zen garrantzitsua kurtsoz pasatu ahal izateko eta, horrela, beste etapa batera bidea zabaltzeko. Lehen hezkuntzan, nik gogoratzen dudanagatik, bakarkako lanak zuen garrantzi gehiena, klasean egiten baikenituen gauzak eta, nahiz eta batzuetan taldetxoetan jarri klaseetan, etxerako bidaltzen zituzten lanak ere bakarkakoak izaten ziren. Ikasle taldea berdin mantendu zen ia osorik, baina, halere, Lehen Hezkuntzako 5.en mailan klaseak aldatu zituzten. 5.en mailako 2 klase ginen eta nahasketak egin zituzten bien artean, ordura arte ezagutzen ez genituen ikaskide berri batzuk ezagutuz. Urte oso onak izan zirela iruditzen zait, sortu ziren erlazioak oso estuak izan baitziren. Orain, egia esan, ezin dut berdina esan, horietako pertsona batzuekin nuen harremana dezente eskasagoa baita zoritxarrez. Irakasle taldeari dagokionez, gustura ibili nintzen baita ere, oso pentsamendu eta sentimendu onekin gogoratzen baititut batzuk. Gutaz preokupatzen ziren eta, oraindik ere, ikusten ditudanean niri buruz eta nire biziari buruz galdetzen didate. Beraien funtzioa guk ikastea zen, baina beti konfiantza sustatuz eta ikasle-irakasle arteko harreman ona bultzatuz. Urte hauetan zehar, eskolaz kanpoko jardueraren bat edo beste ere burutu nuen. Alde batetik, kirol eskolarra egiten hasi nintzen. Futbola eta atletismoa atsegin nituen horietatik gehien bat. Kirolaz gain, Beasaingo musika eskolan ere igaro nituen urte batzuk eta zeharkako txirula ere jo nuen.


            DBH-ko etapa hastean, azkeneko bi urteetan izan genituen klase berdinak mantendu zituzten, nahiz eta etapa honetako 3.en eta 4.en mailan jende gehiago ezagutu (askok errepikatu baitzuten eta gure klasera etorri ziren). Urte oso onak izan ziren baita ere, eta azken urtean, dena amaitzen zela ikustean (askoren bideak bereiziko baitziren), pena asko izan genuen. Kurtso hauetan taldekako lanek garrantzia gehiago hartu zutela esan dezaket, nahiz eta bakarkakoen indarra handiagoa izaten jarraitu. Irakasleekin ordura artean izandako harremana ikusita, hemen hotzagoa bilakatu zela esan dezaket; aurreko urteekin konparatuta zorrotzagoak baitziren. Hauek ebaluazio jarraian ebaluatzen zuten. Esan bezala, ikasle taldea ezaguna nuen gehien bat, eta erlazioak, orokorrean, nahiko onak izan ziren. Azkenik, eskolatik kanpo futbolean segitu nuen, ikastolako kirol bezala, hasieran, eta herriko futbol taldean, ondoren. Urte haietan hasi nintzen eta oraindik ere herriko taldean dihardut. Honen inguruan esan beharra daukat taldekoekin garatu dudan erlazioa ezin hobea izan dela, eta urteekin hobetzen joango dela pentsatu nahi dut.


            Nire ibilbide akademikoa amaitzeko, batxilergoko bi urteak kontatzea gelditzen zait. Bi urte hauek ez ziren izan nik nahi izango nituzkeen modukoak, baina, dena kontuan izanik, ahal ditudan hoberen aprobetxatu ditudala iruditzen zait. Bertan, talde lana gehiago bultzatu zen arren, aurreko etapetan bezala bakarkako lanek indar gehiago zutela iruditzen zait. Orain arte dena horrela izan dela iruditzen zait; orain, unibertsitatean, talde lanek indar gehiena dutelarik. Ikasle taldeari dagokionez, koadrilan ditudan bi lagun izan nituen bi urte hauetan klasean, batekin lehen etapatik batera ibili nintzelarik. Beste ikaskideei dagokienez, lehen urtean klase bat suertatu zitzaidan, nire herrikoak gehienak, eta, bigarrengoan, aldiz, kanpoko herrietako jendearekin batera egon nintzen. 2 urteak kontuan izanik, ez nituen ezta 5 mutil ere izan klasean (40 bat izanik bi urteetako totala). Hau berezko arazoa ez izan arren, bigarren mailan bertako neska batzuekin nuen erlazioa ez zen batere ona, eta behin baino gehiagotan egon nintzen beste klase bat izateko irrikan (beste lagunen klaseak ikusita inbidia sanoa izaten bainuen, haien klasekoekin nuen harremana askoz ere hobeagoa baitzen). Hala ere, lagun onak ere egin nituen, baita beste klase batzuetakoak ere, eta oraindik ere harreman ona dut beraiekin. Beraz, ezin esan nezake urte hauek txarrak izan zirenik; oztopoak egon arren gainditu bainituen. Bestalde, irakasleen apartatuan murgilduz, etapa guztietako esperientziarik txarrena izan dela iruditzen zait. Irakasle batek markatu ninduen batez ere, baina txarrera. Egia esan, nik ere ez nuen asko egin erlazioa ondo joateko, baina berak lehen momentutik ez banau ondo tratatzen nik ezin dut ondo tratatu. Irakasle honetaz gain, izan nituen beste batzuk oso onak zirenak, baina beti markatzen zaitu zerbaitek gehiago eta, nire kasuan, irakasle hori izan zen (irakasle txarra benetan, nire ustez behintzat). Ahaztu baino lehen, hemen ere irakasle-ikasle arteko harremana hotza izan zen, Lehen Hezkuntzakoarekin konparatuz batez ere.  

viernes, 4 de mayo de 2012

"Neutralidad y beligerancia"

       Gai honen inguruan, Loreak bi galdera egin zizkigun eta, orain, horiei erantzuten saiatuko naiz.

Lehen galderak, ea hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak izan gaitezkeen dio. Nire aburuz, gauza bat neutrala izaten saiatzea izango litzateke, baina lortzea ia ezinezkoa iruditzen zait. Izan ere, beti egongo da gairen bat edo beste non ezingo duzun neutrala izan, eta gehiago kostatuko zaizun irakasle on bat bezala neutrala den posizio hori mantentzea. Halere, saia gaitezke neutral mantentzen modu batera edo bestera ikasleen aurrean, beraiek ez atzemateko zer aldetara jotzen dugun. Nire ustez, irakasleak ikasleen eredu gara nolabait Lehen Hezkuntzako urte horietan eta, nahiz eta guk pentsamendu batzuk edota sinesmen batzuk izan, ezin dizkiegu beraiei helarazi, neutralak izateko beharra baitugu. Beraz, kontu handia izan behar dugu esaten eta egiten dugunarekin; neutrala izatea "idealena" izan arren, benetan zaila baita.

Azken galdera, neutralitatearen eta objektibitatearen arteko desberdintasuna zein den adieraztean datza. Neutralitateari dagokionean, aurreko paragrafoan transmititzen saiatu naizen bezala, modu batera edo bestera eztabaidatik edota arazotik at geratzea da. Hau da, kontrako bi argudio daudenean, adibidez, ez alde eta ez kontra adieraztea. Hortaz, neutrala izatea parte ez hartzea da, alde batera mantenduz. Bestalde, objektibitatearen kasuan bakoitzak bere iritziak, pentsamenduak eta sentimenduak alde batera utzi behar ditu egoera kanpotik begiratuko balu bezala begiratuz, aztertuz eta komentatuz. Mintzatu behar den gaiari buruzko frogak eta datuak soilik kontuan izanik, alegia.

Hau ikusirik, irakasle batek neutrala izan behar duela iruditzen zaizue? Objektibitatea erabili beharko al luke noizbait?

domingo, 12 de febrero de 2012

Kultura, hezkuntza eta gizarteratzea

     Orain dela egun batzuk hiru kontzeptu hauen inguruan jardun genuen, taldeetan lehendabizi eta denok elkarrekin ondoren, zein izango litzatekeen ordena egokienaz eta bakoitzaren esanahiaren inguruan eztabaidatuz.

     Aukeratu genuen ordena aipatu aurretik, hitz bakoitzaren definizio labur bat emango dut. Hasteko, kultura dugu, gu bizi garen gizarteko baloreak, sinismenak, ohiturak... jasotzean datza. Jarraitzeko, eta hezkuntzarekin jarraituz, kulturaren barnean ditugun balore, sinismen eta ohitura horiek transmititzea izango litzateke. Amaitzeko, gizarteratzea leku batera egokitzea edota integratzea izango litzateke eta, prozesu hau, aurretik aipaturiko kultura eta hezkuntza barneratzean emango da.

     Kontzeptu hauek azaldurik, gure taldean aukeratu genuen ordena sarrera honen izenburuko ordena berdina dela esatea besterik ez zait gelditzen.

Zein eremutan arituko naiz?

     Eremu hauei buruz dudan informazioa kontuan izanik, hezkuntza formalean aritzea gustatuko litzaidakeela aipa dezaket. Nire nahia umeei eskoletan irakastea baita eta, hezkuntza formala bertan ematen denez, eremu honetan aritu nahiko nuke.

     Hala ere, inork ez daki non ibiliko naizen hemendik urte batzuetara, eta agian hezkuntza ez-formalean ere jardungo dut, eremu bakarrera soilik mugatu barik. Azken finean, bi eremuetan irakatsi ahal baitzaie haurrei.

martes, 7 de febrero de 2012

Hezkuntzari buruzko bi hausnarketa

     Taldekide guztien artean Loreak bidalitako kontzeptu mapa egitean, honi buruzko bi hausnarketa galdera pentsatu genituen eta hauek dira hauei buruzko nire hausnarketak:


1) Zergatik ezin dira hiru kontzeptu hauek (formal, informal eta ez formala) bakar batean elkartu?
     Hiru kontzeptu hauei buruz asko jakin ez arren, txostena irakurri eta taldekideen artean hiru kontzeptu hauei buruz jardun ostean, argiago gelditu zitzaizkidan hauen arteko desberdintasunak. Nire ustez, posible izango litzateke hiru hauek elkartzea, nahiz eta gauza erraza ez izan. Izan ere, hauek elkarturik banaka lortzen dituzten gauzak lortu ahal izango lirateke estrategia hobeak erabiliz. Kontzeptu hauek osagarriak baitira; hau da, eskolan ikasten duguna (formala), ingurunearen bitartez ikasten dugunarekin (ez formala edota informala) osatzen da. Hortaz, hiru hauen elkartzea heziketarako bikaina izango litzatekeela iruditzen zait, hiru hauen artean osaturiko hezkuntza baten bitartez hobeto ikasiko genukeela iruditzen baitzait.



2) Eta, elkartuz gero, nola planifikatuko litzateke hezkuntza?
     Galdera honi buelta asko eman arren, erantzun on bat aurkitzea zaila iruditzen zait; aurreko galderan esan dudan bezala, ez baita erraza hiru hezkuntza hauek elkartzea eta, honenbestez, hau planifikatzea. Hau lortu ahal izateko eta hezkuntza guztiak elkartu ahal izateko, eskola kalearekin lotu beharko bailitzateke gurasoekin elkartzeaz gain. Eskola gurasoekin lotzea errazagoa egiten zaidan bezala, oso zaila egiten baitzait eskolako hezkuntza kalekoarekin (hau da, ingurunekoarekin) elkartzea. Dena den, eta oso zaila iruditzen zaiten arren, hiru kontzeptu hauek elkartzea eta planifikatzea lortuz gero, umearen hezkuntzak emango lukeen aurrerapen prozesua handia izango litzatekeela iruditzen zait.

     Loreak utzitako artikulua begiratu ostean, eskola eta ingurunea elkartzea nik uste bezain zaila ez dela ikusi dut. Ingurunearekin erlazioa duen eskola mota bat agertzen da bertan: ikas-komunitateak. Bertan, hezkuntza eskolarra ez da irakasleen eskuetan soilik geratzen, baizik eta kalitatezko heziketa lortu nahi badugu, denen parte-hartzearen menpe dago. Horrela, umeen heziketan familiek, boluntarioek, auzoko elkarteek... hartuko dute parte. Ikasketa elkarte hauek berdintasunaren alde jotzen baitute, desberdintasun egoeran dauden pertsona horien egoerei aurre egiteko.