Bakoitzak
bere ibilbide pertsonaleko mapa kontzeptual bat egin genuen orain dela aste
batzuk didaktikako klasean. Hau egin ostean, Loreak galdera batzuk luzatu
zituen bakoitzak pertsonalki erantzuteko:
-
Nola bizitu duzu etapa bakoitza?
- Zer zen garrantzitsua ikastea?
- Nolakoa zen ikasle taldea?
- Nolakoak ziren irakasleak? Zein funtzio zuten?
- Nola ebaluatzen zen?
- Zer zen garrantzitsua ikastea?
- Nolakoa zen ikasle taldea?
- Nolakoak ziren irakasleak? Zein funtzio zuten?
- Nola ebaluatzen zen?
Orokorrean, positiboak izan dira
etapa guztiak, oroitzapen onak baititut denetatik; etapa batzuetan beste
batzuetan baino oroitzapen on gehiago izan arren.
Ibilbide guztiek
bezala, nireak ere hasiera bat du eta, hori, Haur Hezkuntza izan zen. 2-6 urte
bitartean, Beasaingo Etxeubi haur eskolan egon nintzen, Lizeok zuen eraikuntza
batean. Etapa honen inguruan, egia esan, ez dut asko gogoratzen, irakasle pare
bat baizik. Beraien funtzioa, batez ere, gutaz pendiente egotea eta gu zaintzea
zela iruditzen zait; hau da, guri ezer ez pasatzea jolasten ari ginen
bitartean. Haur hezkuntzan, jolasteaz gain, ia ez baita ezer gehiagorik egiten.
Hala ere, ikaskideei dagokienez gehiago gogoratzen naiz, argazkiak izateaz
gain, batzuekin nire ibilbideko etapa asko burutu baititut. Etapa honetan,
denak txiki txikiak ginenez, ez genuen arazorik batera jolasteko eta ez ziren
taldetxoak eratzen.
Hau amaitu ostean, Alkartasuna Lizeo
ikastetxean Lehen Hezkuntza burutzen hasi nintzen 6-12 urte bitartean. Etapa
berri batean sartzean, gauza gehiago ikasten hasi eta hainbat ikasgai ematen
hasi ginen: matematika, euskara, ingelesa, soinketa, natura eta gaztelera,
esaterako. Hauek zirenez ikasi beharreko arloak, hau ikastea zen garrantzitsua
kurtsoz pasatu ahal izateko eta, horrela, beste etapa batera bidea zabaltzeko.
Lehen hezkuntzan, nik gogoratzen dudanagatik, bakarkako lanak zuen garrantzi
gehiena, klasean egiten baikenituen gauzak eta, nahiz eta batzuetan
taldetxoetan jarri klaseetan, etxerako bidaltzen zituzten lanak ere bakarkakoak
izaten ziren. Ikasle taldea berdin mantendu zen ia osorik, baina, halere, Lehen
Hezkuntzako 5.en mailan klaseak aldatu zituzten. 5.en mailako 2 klase ginen eta
nahasketak egin zituzten bien artean, ordura arte ezagutzen ez genituen
ikaskide berri batzuk ezagutuz. Urte oso onak izan zirela iruditzen zait, sortu
ziren erlazioak oso estuak izan baitziren. Orain, egia esan, ezin dut berdina
esan, horietako pertsona batzuekin nuen harremana dezente eskasagoa baita
zoritxarrez. Irakasle taldeari dagokionez, gustura ibili nintzen baita ere, oso
pentsamendu eta sentimendu onekin gogoratzen baititut batzuk. Gutaz
preokupatzen ziren eta, oraindik ere, ikusten ditudanean niri buruz eta nire
biziari buruz galdetzen didate. Beraien funtzioa guk ikastea zen, baina beti
konfiantza sustatuz eta ikasle-irakasle arteko harreman ona bultzatuz. Urte
hauetan zehar, eskolaz kanpoko jardueraren bat edo beste ere burutu nuen. Alde
batetik, kirol eskolarra egiten hasi nintzen. Futbola eta atletismoa atsegin
nituen horietatik gehien bat. Kirolaz gain, Beasaingo musika eskolan ere igaro
nituen urte batzuk eta zeharkako txirula ere jo nuen.
DBH-ko etapa hastean, azkeneko bi
urteetan izan genituen klase berdinak mantendu zituzten, nahiz eta etapa
honetako 3.en eta 4.en mailan jende gehiago ezagutu (askok errepikatu baitzuten
eta gure klasera etorri ziren). Urte oso onak izan ziren baita ere, eta azken
urtean, dena amaitzen zela ikustean (askoren bideak bereiziko baitziren), pena
asko izan genuen. Kurtso hauetan taldekako lanek garrantzia gehiago hartu
zutela esan dezaket, nahiz eta bakarkakoen indarra handiagoa izaten jarraitu.
Irakasleekin ordura artean izandako harremana ikusita, hemen hotzagoa bilakatu
zela esan dezaket; aurreko urteekin konparatuta zorrotzagoak baitziren. Hauek
ebaluazio jarraian ebaluatzen zuten. Esan bezala, ikasle taldea ezaguna nuen
gehien bat, eta erlazioak, orokorrean, nahiko onak izan ziren. Azkenik,
eskolatik kanpo futbolean segitu nuen, ikastolako kirol bezala, hasieran, eta
herriko futbol taldean, ondoren. Urte haietan hasi nintzen eta oraindik ere
herriko taldean dihardut. Honen inguruan esan beharra daukat taldekoekin garatu
dudan erlazioa ezin hobea izan dela, eta urteekin hobetzen joango dela pentsatu
nahi dut.
Nire ibilbide akademikoa amaitzeko,
batxilergoko bi urteak kontatzea gelditzen zait. Bi urte hauek ez ziren izan
nik nahi izango nituzkeen modukoak, baina, dena kontuan izanik, ahal ditudan
hoberen aprobetxatu ditudala iruditzen zait. Bertan, talde lana gehiago
bultzatu zen arren, aurreko etapetan bezala bakarkako lanek indar gehiago
zutela iruditzen zait. Orain arte dena horrela izan dela iruditzen zait; orain,
unibertsitatean, talde lanek indar gehiena dutelarik. Ikasle taldeari
dagokionez, koadrilan ditudan bi lagun izan nituen bi urte hauetan klasean,
batekin lehen etapatik batera ibili nintzelarik. Beste ikaskideei dagokienez,
lehen urtean klase bat suertatu zitzaidan, nire herrikoak gehienak, eta,
bigarrengoan, aldiz, kanpoko herrietako jendearekin batera egon nintzen. 2
urteak kontuan izanik, ez nituen ezta 5 mutil ere izan klasean (40 bat izanik
bi urteetako totala). Hau berezko arazoa ez izan arren, bigarren mailan bertako
neska batzuekin nuen erlazioa ez zen batere ona, eta behin baino gehiagotan
egon nintzen beste klase bat izateko irrikan (beste lagunen klaseak ikusita
inbidia sanoa izaten bainuen, haien klasekoekin nuen harremana askoz ere
hobeagoa baitzen). Hala ere, lagun onak ere egin nituen, baita beste klase
batzuetakoak ere, eta oraindik ere harreman ona dut beraiekin. Beraz, ezin esan
nezake urte hauek txarrak izan zirenik; oztopoak egon arren gainditu bainituen.
Bestalde, irakasleen apartatuan murgilduz, etapa guztietako esperientziarik
txarrena izan dela iruditzen zait. Irakasle batek markatu ninduen batez ere,
baina txarrera. Egia esan, nik ere ez nuen asko egin erlazioa ondo joateko,
baina berak lehen momentutik ez banau ondo tratatzen nik ezin dut ondo tratatu.
Irakasle honetaz gain, izan nituen beste batzuk oso onak zirenak, baina beti
markatzen zaitu zerbaitek gehiago eta, nire kasuan, irakasle hori izan zen
(irakasle txarra benetan, nire ustez behintzat). Ahaztu baino lehen, hemen ere
irakasle-ikasle arteko harremana hotza izan zen, Lehen Hezkuntzakoarekin
konparatuz batez ere.